Ibilbideak Baztanen: esperientzia ahaztezina

Baztango paraje ederretan egiten diren ibilaldiak dira inguruko jarduerarik ezagunenetako bat. Gustu eta zailtasun maila guztietarako ibilbideak daude, ibilaldi labur eta errazetatik hasi eta maila aurreratuagoa dutenentzat.

Jarraian, Baztango ibilaldi eta ibilbide ezagunenetako batzuk aurkezten ditugu:

Autringo elur-zuloa

Autringo elur-zulo ikusgarria ezagutzeko aukera ematen duen ibilbidea. Bidean Baztango paisaiaz gozatuko dugu: Elbeteko herria eta landak, Jarolako jauregia, Elbeteko errota, Irlintziko harriak eta Autringo lepoko bista zoragarriak

Belate

Belate babes bereziko gune ezagutzera ematen duen ibilbidea. Bidean zehar gaztelua (XIX. mendeko gotorlekua), Belateko zohikaztegia, monastegia, baseliza eta megalitoak ikusteko aukera izanen dugu.

Infernuko errota

Infernuko Errota ezagutzeko aukera ematen duen ibilbide erraza. Bidean zehar Infernuko errekaren soinu goxoaz gozatzeko eta bago ederrak ikusteko aukera izanen dugu. Errota erabat ikusgarria da, ur jauzi baten gainean kokatuta, Baztan eta Etxalar udalerrien artean.

Xartolako errotak

Matxintoko kisulabea, Azpilkuetako auzoak eta Xartolako errota ikusgarriak ezagutzeko ibilbidea. Ibilbidean zehar kisulabeak, lisutegiak, jauregiak,baserriak eta Azpilkuetako paraje ederrak ikusiko ditugu.

Aritzakun

Aritzakun eta Urritzate bi ibar dira, biak ere Gorramendi mendigunearen oinetan, urrun, bakarturik, bare, sosegua dariela. Oihan sarriak dira nagusi, eta goroldioa dago nonahi Nafarroako naturgunerik hobeki kontserbatuenetako batean. Giro lasaiaren azpian, mundu zoragarri bat dago kokatua. Ibilbide honek Aritzakungo paraje ederra ezagutzeko aukera ematen du. Baztan basatiaz gozatzeaiz gain, urre minak, kisulabea, aspilak eta Maribeltzeneko errota ikus ditzakegu ibilbidean zehar.

Basaburua

Baztango Basaburua kuartelean ditugun herriak ezagutzeko aukera ematen duen ibilbidea. Jauregiak, baserriak, elizak eta baselizak aurkituko ditugu historian zehar hain erabilia izan den Baztango Donejakue bidean.

Elizondoa

Elizondo, Irurita eta Gartzain lotzen dituen ibilbidea. Elizondoko herrigunean jauregiak, eta karrika zoragarriak aurki-tzen ditugu. Irurita berriz, herriko plaza ikusgarria; eta Gartzaingo auzoetan baserri eta landa-eremu ederrak.

Irurita

Irurita herria eta bertan dauden plazak, dorreak, jauregiak, ferrategia, kisulabeak, errota eta bordak ezagutzeko aukera ematen duen ibilbidea.

Xorroxin

Erratzuko txokoak eta 12 metroko ur-jauzia ederra ikusteko aukera ematen duen ibilbidea. Xorroxingo ur-jauzia Iñarbegi errekaren ibilbidean aurkitzen den ur-jauzi hau Baztan-Bidasoa ibaiaren iturburuetako bat da. Leku ederra eta misteriotsua da… Lamien bizitokia (Lamia euskal mitologiako pertsonaia da, gerritik goiti emakume eder baten itxura eta gerritik beheiti arrainaren itxura duena).

Arraioz-Lekaroz

Arraioz eta Lekaroz herriak lotzen dituen ibilbidea. Bidean zehar Arraiozko dorretxeak, Errebote Plaza, Oharrizko komentua eta auzoa, jauregi eta baserri ikusgarriak eta inguruko errekak eta landa berdeak ikusteko aukera izanen dugu.

Baztangoiza

Baztango Baztangoiza kuarteleko herriak eta auzoak ezagutzeko aukera ematen duen ibilbidea. Bidean hainbat jauregi eta ondare etnografiko ikusteko aukera izanen dugu: Gamioxarreko dolarea, Urtsuako dorretxea, Kisua jauregia, Amaiurko errota eta Azpilkuetako auzoak.

Gazteluzokoa

Amaiurko errotaren ubidea eta presa, Gazteluzokoan, ezagutzeko ibilbide erraza. Ibilbidean Amaiurko karrika nagusiaren zati bat ezagutuko dugu: herriko eliza, gurutzea, atea eta Donejakueko erromesen aterpe zaharra (Ospitalenea). Ibilbidetik kanpo aukera daukagu herria gurutzatzeko eta inguruko jauregiak, lisutegia, kisulabea eta gaztelua ikusteko.

Otsondoko bunkerrak

Otsondoko Erresistentzia Gunea ikusteko aukera ematen duen ibilbidea. Gerra Zibila bukatu ondoren, Frankok Frantziatik eraso hipotetiko bat geldiarazteko 6.000 bunker eraiki zituen Pirinioetan (Linea P). Gaur egun, Otsondoko bunkerrak Lapurdiko kostaldea ikusteko behatoki ezinhobeak dira.

Zozaia

Baztango Basaburua kuarteleko herriak ikusteko eta Zeberia errekaren inguru basatiak ezagutzeko aukera paregabea ematen duen ibilbidea. Bidean, ikuspegi ederrez gain, Zozaiako auzoa, Jauregia dorretxea, pilota-plaza, inguruko landak eta ardi-bordak; eta Ubaungo argi zentrala ezagutzeko aukera izanen dugu. Zentrala 1915ean eraiki zuten.

Scroll to Top